Comisiones Obreras de Navarra

Comisiones Obreras de Navarra
CCOO Navarra

martes 7 de noviembre de 2017

CCOOk, ELAk eta LABk 12 ekarpen aurkeztu dituzte kontratu publikoen legeari

Cecilio Aperte

Cecilio Aperte

~~Zerbitzu publikoak azpikontratatzearen ondorioz benetako administrazio paralelo bat sortu da Nafarroan, non milaka langile aritzen diren. Bestelako gogoetak alde batera utziz, azpikontratazio hori negoziogai izaten da sarritan enpresa pribatuendako, kasu gehiegitan langileen lan-baldintzen kontura.

Gure iritziz administrazio publikoa arduratu behar da ematen diren zerbitzuen kalitateaz, azpikontratatuenaz ere bai. Eta ez dago kalitatezko zerbitzurik, zerbitzu horiek lan-baldintza prekarioetan ematen badira. CCOO, ELA eta LAB sindikatuontzat ukaezina da diru publikoaz ematen diren  zerbitzuen azken erantzukizuna administrazioari dagokiola.

Orain arte jarraitu den prozeduraren arabera zerbitzuak kostu gutxieneko enpresei esleitu zaizkie, batzuetan zerbitzuaren kostutik behera ere esleitu dira, beheranzko enkante baten moduan. Ez dago erran beharrik horren eragina enpleguan eta lan-baldintzetan islatu dela.

Praktika horrekin batera administrazioek azken urteetan ezarri dituzten murrizketen eraginak ere baditugu. Enpresa batek ere ez ditu bere gain hartu murrizketen ondorioak, eragin txarrak  langileei leporatu zaizkie beti. Baita ere negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ondorio txarrak ekarri ditu azpikontraten langileekiko, Nafarroako hitzarmena erreferentzia bezala zeukan sektore batzuk hitzarmen estatalengatik ordezkatuak izan direlako.

Gorago azaldutakoa aintzat harturik, CCOO, ELA eta LAB sindikatuon ustez laster batean Nafarroako Parlamentuan eginen den Kontratu Publikoen Legearen izapidetzea abagune aparta izanen da lege-baliabideak ezartzeko, eta enpleguaren kalitatea hobetzeko.

Nafarroako Gobernuak aurkezturiko lege-egitasmoaren balioespena

CCOOen, ELAren eta LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak prest daukan lege-egitasmoa azkenean Parlamentura igortzen badu, aukera paregabea galduko da, azpikontratazioaren bidez ematen diren zerbitzu publikoen kalitatearekin benetako konpromisoa hartu dela erakusteko. Zeren zerbitzu publikoen kalitatea lan-baldintzen kalitatearen menpe dago.

Lege-egitasmoa Gobernuaren baitan onetsi baino lehen, sindikatu biok egin genituen ekarpenak ez dira aintzat hartu. Izan ere, ez da bermatuko subrogazioa kontrata guztietan, ez da txertatu nahitaez bete beharreko klausula sozialik —lehenik eta behin administrazioak behartzeko, eta gero enpresa esleipen-hartzaileak  behartzeko—, enpleguaren gutxieneko estandar batzuk errespetatzera: lan-baldintzak, lan- eta segurtasun-neurriak, kontratazioan diskriminaziorik ez, partaidetza sindikala...

Kontratazio publikoan irizpide sozialak indartzea, genero irizpidea, subrogazioa, prezioa erabakigarria ez izatea, gutxieneko plantilla bat ezartzea, sindikatuen legitimazioa ematea, gardentasuna, ordezkarien partaidetzea erraztea... legearen hitzaurrean bertan egon beharko litzatekeen edukiak dira.

Zein nolako zerbitzu publikoak nahi ditugun eztabaidatu behar da, eta eztabaida hori Kontratu Publikoen Legea izapidetu bitartean egin behar delakoan gaude. Eta eztabaida horren inguruan bi eredu daude: eredu ekonomizista, gauza ororen gainetik prezioa lehenesten duena; eta gizarte-eredua, kostuaren gainetik zerbitzuaren kalitatea azpimarratzen duena, kalitate hori zentzu zabalean ulertuz.

Aldarrikatzen den aldaketa soziala ez bada langile nafarren baldintzak kontuan hartzeko, CCOOen, ELAn eta LABen ez dugu deus ulertu.

CCOOen, ELAren eta LABen proposamenak, Nafarroako Kontratu Publikoen Legean klausula sozialak sartzeko.

- Legean sartzen diren klausula sozialak nahitaez bete beharrekoak izatea: Klausula sozialak ez dira gomendioak izan behar baldintza-orriak prestatzeko, derrigorrez bete beharrekoak izan behar dira.

- Subrogazioa: Subrogazioa nahitaezkoa izan behar da zerbitzu-emakida kontratu guztietan edo zerbitzu-kontratuak kontratu guztietan.

- Gutxieneko maila gisa kasuan kasuko jardueraren sektore-hitzarmena aplikatuko da: Eta sektore-hitzarmenen artetik hurbilenekoa hautatuko da (Nafarroakoa, estatu-hitzarmenen aitzinetik). Jardueraren arabera zehaztuko da zein den hitzarmen aplikagarria, oso argi ez dagoenean edo eraginpeko esparruari begiratuz hitzarmen bat baino gehiago dagoenean lan-baldintza hobeak dituena lehenetsiko da.

- Lan zentruko hitzarmenaren aplikazioa existitzen den kasuetarako: Lan zentruko hitzarmena aplikatzen den zerbitzuetan, indarrean egonda edo ultraaktibitatean, beti ere langileen ordezkariak eskatuta, lan zentruko hitzarmen hori pliegoetara gehituko da eta derrigorrezkoa izango da bere aplikazioa, gutxieneko baldintza bezala zerbitzu horren kudeaketa nahiko duten enpresa guztietarako.

- Enpresa- edo lantoki-hitzarmena sektorekoa baino onuragarriagoa denean, hori aplikatuko da: Baldintza-orrietan hitzarmen hori aplikatzeko betebeharra dagoela jaso beharko da. Horrela, gutxieneko maila bat izanen da zerbitzu hori kudeatzeko asmoa duten enpresa guztiendako.

- Gutxieneko ordu kopuru eta plantilla bat ezartzea, prestazioa kalitatezkoa izan dadin: Kontratak dirauen artean gutxieneko ordu kopuru eta gutxieneko plantilla bat izan behar da, lan-kargen araberakoa. Orobat, laneratze-ezak ordeztuko direla bermatuko da.

- Puntuazio-irizpideetan prezioa ez izatea erabakigarria: Balio handiagoa ematea zerbitzuaren kalitatea hobetzeko proposamen teknikoei, enplegua mantentzeari edo handitzeari, lan-baldintzak hobetzeari... Zerbitzuaren preziotik beherako proposamenak baztertu eginen dira automatikoki. Era berean, eskaintza bat “jaitsiera ausartegia” dela jotzeko, jaitsiera-portzentajea nabarmen beheratu behar da.

- Lan-osasun eta segurtasunarekin loturiko arauak zorrozki betetzea: mekanismoak ezartzea, enpresetan lan-arriskuen prebentzioaren eginbeharrak benetan betetzen diren administrazioek begiratu ahal izan dezaten.

- Gardentasuna kontratazioan: kontratazioetan bitartekotza-mekanismo publikoak erabiltzea, diskriminaziorik egiten ez dela bermatzearren. Diskriminazio guztiak baztertu behar dira, afiliazio sindikalarekin loturikoak ere bai. Elbarritasunak dituzten pertsonak kontratatzeko legezko eginbeharrak betearaztea. Kontratazioak “kutunkeriaz” edo “adiskidekeriaz” egiterik ez izatea.

- Gizarte-baldintzak betetzen ez dituzten enpresei zigorrak ezartzea: Kasurik larrienetan kontratua bukatutzat joko da, eta enpresa horri eragotziko zaio Nafarroako administrazio publikoan epe batez lizitatu ahal izatea.

- Langileen eta haien ordezkarien partaidetza erraztea: Hala baldintza-orriak prestatzean, nola esleipen-prozesuetan. Era berean enpresek harturiko konpromisoak betetzen diren begiratzeko eta jarraitzeko prozedurak ezartzea. Sindikatuei erraztasunak emanen zaizkie aipaturiko jarraipen-prozeduran parte hartzeko, eta baita Kontratazio Publikoaren Batzan parte hartzeko ere, CENek parte hartzen duen bezala.
- Sindikatuei legitimazioa ematea, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegian parte hartzeko: behar diren arau-aldaketak eginen dira, langileen ordezkaritzari eta sindikatuei berariazko legitimazioa (aktiboa eta pasiboa) emateko, prozedurak hasteko eta prozeduretan agertzeko.

- Euskararen erabilera bultzatzea: enpresa azpikontratatuek, kontratuaren betekizuna jendearekiko arreta exijitzen den kasuetan, bere langileen euskara formakuntza ahalbidetzeko euskera plana egin beharko dute.

CCOOen, ELAren eta LABen urratsak

1. Bilera egiteko eskatuko diegu parlamentu-talde guztiei, legea izapidetzerakoan aipaturiko klausula sozialak azkenengo testuan sartzeko.

2. Mobilizazio dinamika martxan jarriko dugu langile azpikontratatuei lan-baldintza duinak bermatzen dizkieten klausula sozialak sartzea lortzeko.





 

CCOOk, ELAk eta LABk 12 ekarpen aurkeztu dituzte kontratu publikoen legeari

martes 7 de noviembre de 2017

Áreas temáticas relacionadas

Información - Noticias